martes, 8 de noviembre de 2011

Ni eskolan




NI ESKOLAN
Ni eskolan hasi nintzanean herrian bi eskola mota zeuden, bata eskola nazionala eta bestea ikastola. Eskola nazionalak bere eraikina zituen, hau da, bi eraikin eta eraikin bakoitzean gelak. Ikastolak aldiz ez zuen eraikinik eta herriko udalak eta elizak utzitako lokaletan ematen ziren klaseak.
Ikastolaren ibilbidea oso berria zen, zeren eta ni hasi nintzenean 3 urteko esperientzia bakarrik zuten, hau da, ni baino 3 urte zaharragoak izan ziren eskolako lehenengo ikasleak.
Gustatuko litzaidake gure eskola izan zena pixka bat azaltzea, gelen antolaketari dagokionez:
Lokal guzti hauek herriko enparantzan zeuden, baina eraikin ezberdinetan. Nik margotu dudan gela udalak utzitako lokal bat zen, hau udaletxe gainean zegoen, lokal hau bi gela eta komun batez osaturik zegoen. Solairu bat gorago etxebizitza bat zegoen eta solairu erdi bat beherako mediku kontsulta, hauek denak eraikinaren eskuin aldean.
Ezker aldean beste lokal bat zegoen, lokal honetan gela bat, bi komon eta herriko korreoa zegoen, solairu bat gorago etxe bizitza bat eta beste bat gorago zuzendaritzako bulegoa.
Errepidea gurutzatu eta eraikin honen parean erretore etxea zegoen, hemen bi gela eta bi komun zeuden. Eta alderdi berdinean baino plazaren bukaeran zinearen gainean beste gela bat zegoen
Goran aipatu bezala ni udaletxe gaineko gela batetan nengoen, beraz atsedenaldian errepidea gurutzatu behar izaten genuen plazara joateko, eskerrak garai harretan ibilgailuen trafikoa ez zela gaur egungoa bezalakoa.
Marraztu dudan egun honetan, atsedenaldian jolasean genbiltzan, gu soka saltoan, gomarekin, baloiarekin pilotan … ibiltzen ginen, errepidera edozein momentutan irteten ginen, gainera iturria errepidearen bestaldean zegoen, beraz, pentsa zenbat haurrek gurutzatzen genuen errepidea atsedeneko orduan.
 Gauza da, egun honetan ez dakidala zertan genbiltzana jolasean, baina nire lehengusua ( ni baino urte bat zaharragoa) errepidea gurutzatzen hasi zela eta moto batek harrapatu egin zuela. Lurrean etzanda geratu zen eta gu denok izugarri beldurtu ginen, irakaslea eta denok bere inguruan bildu ginen, medikuari deitu genion, eskerrak bere kontsulta gertu zegoela. Momentu baten ondoren konortea berreskuratu zuen, gero anbulantzi bat etorri eta Tolosako klinikara eraman zuten. Ni oso hunkituta eta kezkatuta gelditu nintzen.
Atsedenaldia amaitua zen dagoneko eta gelara igo ginen, nire burua ez zegoen lanik egiteko eta irakasleak ere ulertu zuen nire kezka eta urduritasuna. Etxera joan bitarteko momentu guztia leihotik begira egon nintzen, istripua gertatu zen lekura begira, gainera odolez zikindurik zegoen. Irakaslea ni lasaitzen saiatzen zen, ondo zegoela esanez baina nik nire lehengusua ikusi nahi nuen hori egiaztatzeko.
Arratsaldean nire gurasoekin klinikara joan nintzen lehengusua bisitatzera baina txikiegia nintzelako ez zidaten sartzen utzi, beraz, bera zegoen leiho parera joan eta bera irten zitzaidan leihotik agurtzera, ze pozik jarri nintzen berak leihotik agur egin zidanean. Istripuan buruan hartu zuen kolpea eta egun batzuk egin zituen klinikan ingresatuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario