martes, 15 de noviembre de 2011

Lehenengo astea

HAUSNARKETA

Jada lehenengo astea igaro dut Itsasondoko eskolan eta egia esan emozio kontrajarriak ditut. Gustura sentitzen naiz, harrera aldetik denak ondo hartu naute eta horrek ongi sentiarazten nau.
Baina gelan 4 eta 5 urteko haurrak izateak sortzen dit emozio kontrajarria, batzuetan iruditzen zait bi kurtso batera egotea ona izan daitekeela, baina beste batzuetan pentsatzen dut adin bakoitzaren garapenerako ezin daitekeela ona izan, hau da, 4 urtekoei gehiegi eskatzen ote zaien eta 5 urtekoentzat oztopo bat ote den.
Iazko kurtsoan martxo inguru aldera 5 urteko gela bat behatzera joan ginen, behaketa hau egun batean egin genuen. Eskola horretan ikusi nuen haurrak dagoeneko irakurtzen zutela letra nagusiez idatzitako esaldia, zenbakiak erraz ezagutzen zituztela, ….
Erreferentzi hori neukanez hona etorri nintzanean, pentsatu nuen ba hizkiak eta zenbakiak barneratuago izango zituztela. Horrek atsekabe pixka bat sortu zidan. Ondoren pixka bat pentsatzen egon nintzan eta nire buruari esan nion oraindik kurtso hasieran daudela eta oraindik jabetza horiek hain barneratua ez izateak ohikoa izan daitekeela.
Beste alderdi batetik, esan behar dut izugarrizko elkarrizketa pila egiten dituztela irakasleekin, gainera elkarrizketa hauek luzeak izaten dira, beraien bizipenak kontatuz. Oso polita izaten da hori.
Psikomotrizitate saioak ikusteko ilusio berezia neukan, baina egia esan ikusi nuena ikusi ondoren “txasko” pixka bat hartu nuen. Izugarrizko lekua daukate, baina materiala oso eskasa da. Irakaslea ez da psikomotrizista, heziketa fisikoko irakaslea baizik, eta saioan zehar ez die kasu handirik egiten ikasleei, ez beraiekin egoten ere. Esertzen da lurrean eta bere lanak egiten jarduten du. Saio honetan ez nuen ezer ikasi, aurretik nekiena uste dut irakasle berak dakiena baino gehiago dela psikomotrizitateari dagokionez.
Bukatzeko txokoen inguruan komentario txiki bat egin nahiko nuke, txokoak ondo definituta daude, baina lanak bereizteko garaian ez dakit oso ondo erabiltzen dituzten txokoak, adibidez, plastika txokoan idazketa lanak egiten jarduten dute, eta nire ustez, hau agian liburutegi txokoan egin beharko litzateke.
Hasi bakarrik egin gara, ea nola den hemendik aurrera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario